Edukira joan

Gipuzkoa erromatarren garaian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Higerko brontzeak, Oiasso Erromatar Museoan, Irun.

Gipuzkoa erromatarren garaian Antzinako Erroma lurraldera iritsi zenetik Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorialdia gertatu zen arteko garaia da. XX. mendera arte Gipuzkoa eta Bizkaia erromatartzerik gabeko eskualdetzat hartzen ziren, eta Saltus vasconum izena erabiltzen zen, konkistatu gabeko eremu gisa. Hala ere, XX. mendearen amaieratik egindako aurkikuntzek eta historiografian egondako aldaketek frogatu dute Gipuzkoan Erromatar Inperioaren presentzia nabaria izan zela.

Oiasso baskoien hiriak (gaur egungo Irunen), kostaldeko hainbat establezimenduk eta Via Maris izenekoak, Tarraco-Oiasso galtzadaren azken zatiak, Aiako Harriak eta haren inguruko meatzaritzak, eta barduliarren zein baskoien parte-hartze militarrak, erromatartzearen zantzuak ematen dituzte.

Aurrekariak: Burdin Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Burdin Aroa Gipuzkoan»
Basagainen aurkitutako brontzezko fibula.

Burdin Aroa Gipuzkoan aldaketa garaia izan zen, Neolitoa Gipuzkoan garatu osteko lehen abeltzain eta nekazarien, eta metalgintzaren hazkuntzarekin bat, lehen herri harresituak finkatu ziren, batez ere Oria ibaiaren arroan. Herri horien barnean jarduera ekonomikoa zegoen, nekazaritza, abeltzaintza eta metalgintzari lotuta. Han-hemenka beste etxalde batzuk ere egongo ziren, eta basogabetzea abiatu zuten, abereen elikadura eta nekazaritza lanak lortzea errazteko.

Orain artean zortzi bizileku aurkitu dira: Buruntza (Andoain), Basagain (Anoeta), Intxur (Albiztur-Tolosa) eta Murumendi (Beasain) Oriaren haranean; Munoaundi (Azpeitia-Azkoitia) Urolarenean; Moru (Elgoibar) eta Murugain (Arrasate-Aretxabaleta-Aramaio) Debarenean; eta Akutu (Bidania-Goiatz-Errezil) Hernioko mendigunearen inguruan. Hala ere, baliteke beste batzuk ere egotea[1]. Kasu guzti-guztiotan bertako erliebearen ezaugarriez baliatu ziren defentsarako bertako biztanleak, horien osagarri harresiak egin zituzten, eta zenbaitetan lubanarroez osaturik, gainera. Oinplanoetan ere forma asko hartzen dituzte, neurri handi batean kokapenaren eraginagatik, nahiz taldearen ezaugarriekin eta berorren jarduerekin ere halako lotura bat baduten: forma kurbatu askotarikoak dira nagusi, obalak ere ageri dira kasu batzuetan, eta lerro zuzenak ere ikusten ditugu, esparruetako trazatu handienak mugatuz[2]

Herri harresituetatik kanpo ere jendea bizi zen, eta pentsa daiteke etxalde modukoak egongo zirela, bai eta beste lanbide batzuei lotutakoak. Ez dakigu egurrezko hesiak, edo oholen bidezko nolabaiteko babesak izango ote zituzten, horien hondarrak aurkitzea oso zaila baita, baina ezin dugu aukera baztertu[3]. Hala ere, aire libreko bizilekuak aurkitzea zaila da, landare-geruzagatik, oso xumeak zirelako, edo gure herrien azpian daudelako[4]. Aizarnan egindako ikerketa batean ikusi da K.a. I. mendeko okupazio bat egon zela gaur egun herrigunea dagoen leku berean[5]. Burdin Aroko adibide gisa har daiteke Azkoitin 2003an aurkitutako Altamirako aztarnategia, burdina lantzeko gune metalurgikoa bide zena[6][7]. Eta, bien artean, Txalintxo mendian, Burdin Aroko beste egitura bat aurkitu da, erabilera zehaztea zaila bada ere[8]. Burdina lantzeko beste egitura bat Oiartzungo Aizegain da, Bigarren Burdin Aroan datatu dena[9]. Oiartzunen bertan, estazio megalitiko batetik hurbil, Buluntxuko habitata dago, irekian zegoen bizilekua, etxolagune moduko bat. Etxola horiek lotzeko burdinazko iltzeak aurkitu dira[10].

Erromatarren iritsiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dakigu zehazki noiz eta nola gertatu zen gaur egun Gipuzkoan den lurraldearen konkista, iturriek ez baitute aipamenik egiten. Estrabonen arabera, Deba ibaiaren ekialdeko gipuzkoar zatian karistiarrak bizi ziren, Debatik Pasaia ingurura barduliarrak, eta Pasaiatik Bidasoara baskoien lurraldea zen. Baina barduliarren hiri nagusiak aipatzen direnean, horietako asko hegoaldean daude, Arabako Lautadan. Eskualdea erromaren esferapean sartu zen Sertoriok K.a. 76an Luzio Kornelio Silaren gobernuaren aurka egin eta matxinatu zenean. Erromako Senatuak Ponpeio bidali zuen Hispaniara, eta hor aipatzen du Tito Liviok lehen aldiz baskoiak. Sertorioren gerraren garaian gatazka egon zela badakigu, eta Ponpeiok hor sortu zuen Pompaelo (Iruñea) hiri gisa. Handik gutxira sortu bide zen Oiasso (Irun) portu gisa, eta Tarraco-Oiasso galtzada eraiki zuten[11].

K.a. 26tik K.a. 19ra Kantabriar Gerrak izan ziren. Augustok gidatutako gudarosteek (7 legio) callici, astur eta cantabri herriak garaitu zituzten. Gerra horietan hornikuntza lortzeko, baskoien lurraldean aritu ziren, eta barkuz ere ibili ziren[12]. Pentsatzekoa da, beraz, garai horretan Gipuzkoako eremua jada euren kontrolpean zegoela, ez baitzen gudurik egon bertan, eta ez zutelako iturriek ezer ere aipatu[13]. Bi urte lehenago, K.a. 28 eta K.a. 27 artean akitaniarren lurraldeak konkistatu zituzten Galietako gerretan, eta baliteke hor ere barduliarren zein baskoien lurraldeak kontrolpean hartzea[14]. Galiako gerren baitan autrigoien Deobriga (Miranda Ebro) eta Uxama Barca kontrolpean hartu zituztela dirudi, Bilbo inguruko lurrak ere kontrolatu ahal izateko, ondoren itsasoko hornikuntza lasaia lortze aldera[13][14]. K.a. 38an, adibidez, Andagosteko gudua gertatu zen[15], argitzen zaila dena, baina indigenen segada gisa ere interpretatu dena[16][17]. Barduliarren aipamenik ez dago inon, baina tarte horretan erromatarren eskuetan geratu zela ondoriozta daiteke. Kantabriar gerretan agertzen ez direnez, ez dago argi kolaboratu ote zuten, edo, besterik gabe, euren lurraldea erabili ote zen probisiorako, erresistentzia aukerarik gabe[18]. Burdin Aroko kastroak garai horretan utzi zituztela ematen du, egin diren datazioen arabera[19]. Datu gabezia horrek eztabaida historikoa sortu du, adibidez Arnaut Oihenartek erromarekin kolaboratu zutela zeritzon, baina Esteban Garibaik kontrakoa, liskartsua izan zela idatzi zuen. Gipuzkoako armarriaren azpian agertzen den Bardulia nunquam superata bigarren ildo horren ondorio da, foralismoaren iritsierarekin Gipuzkoa inoiz konkistatua izan ez zela barreiatu baitzen[20].

Erromatar boterearen zabalpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Oiasso Erromatar Museoaren barnealdea. Oiasso zen erromatarren garaiko gunerik garrantzitsuena Gipuzkoan.

Behin Akitania eta baskoien lurraldeak kontrolpean izanda, erromatarrek interes handia izan zuten Mediterraneoa eta Kantauri itsasoa bere distantziarik laburrenean batzeko. Dagoeneko Tarracotik Ilerda eta Oscara zihoazen bideak existitzen ziren, eta hortik hedatu zuten Tarraco-Oiasso galtzada izango zena[21][17]. Bidasoaren bokalean, Burdigalatik kostako bidetik, Oiasso sortu zuten, hasieran portu gisa. K.a. 20 eta K.a. 5 artean Ateio Mahes Pisako buztingilearen platerak iritsi ziren jada Oiassora, Herakla izeneko esklabo batek egina[22]. Augustoren heriotzaren ostean Tiberio, Kaligula, Klaudio eta Neron etorri ziren, interesa zutenak euren esparruak Kantauri itsasoan zehar hedatzeko. Hor sortu bide zituzten lehenengo cetariak, horietako bat Getarian[23]. Vespasianok Flaviobriga sortu zuen (Castro Urdiales), eta horrek beste bultzada bat eman zion itsasoko bideari. Erromatar aurriak aurkitu dira Hondarribian, Pasaian, Donostia eta Zarautzen, eta litekeena da erromatarrek portu natural gehiago erabiltzea, Orio, Zumaia, Deba eta Mutriku. Bertan ez da oraindik hondarrik aurkitu, hala ere[24]. Izena bera eztabaida iturri bada ere, Zarautz eta Getaria arteko eremua iturri klasikoak esandako Menosca izan litekeela aipatu da[25][26]. Zarautzen Andre Mariaren Zeruratzearen parrokiaren azpian aurkitu dira Burdin Aroaren gaineko eraikinak[27] eta Getarian ugariak dira elizaren inguruan aurkitutakoak.

Arditurriko meatzeak.

Erromatar boterearen zabalpenarekin, okupazioa eta baliabideen ustiaketa herrialdearen barnealderantz mugitzen hasi zen. Guztietan nabariena Aiako Harriak eta bere baliabide mineralen erabilpena da, Saltus vasconum deitutako eremuan. Arditurriko erromatar meatzeak Aiako Harrien arbela guztietan zehar daude, eta ez soilik Arditurrin. Zilarra, beruna eta beste mineral batzuk ustiatzen ziren bertan, Oiartzun, Irun, Lesaka eta Bera hartzen dituen eremu zabal batean[28][29]. Arditurrirekin batera, Oiassotik gertu zeuden San Fernando, San Narciso eta Belbio izeneko meatzeak ere ustiatzen ziren. Guztira, gaur egun 70 meatze baino gehiago ezagutzen dira, 30 inguru Irunen, eta 40tik gora Oiartzunen[30]. Arditurriri dagokionez, antzinako deskribapenen arabera, 46 galeria eta 82 putzu zeuden kanpoaldean, eta barne zulaketa ugari. Denetara 15-18 kilometro galeria zeuden. Hainbat egileren kalkuluen arabera, meategi horretan egindako indusketa lanetan (ia bi milioi metro kubo lur mugitu ziren) 400-600 gizon behar izan ziren, egunero-egunero lanean, 200 urtez[31]. Galeria zaharretan terra sigillata kopuru handiak aurkitu dira (alegia, erromatar zeramika), eta baita kriseiluak eta txanponak ere, Augustoren garaietatik K. o. II. menderainoko kronologiarekin. Meatzaritza Aiako Harrietatik kanpo ere hedatzen zen, adibidez Etxola errekan (Hernani), Berostegin (Legorreta), Kataberan (Legazpi), Arritzagan (Aralar), Udalaitzen (Arrasate), Andazarretan (Aia) edo Zerain-Mutiloako meatzeetan[32].

Mineralak sortutako ondasun guztiari esker, Oiasso finkatu zen esportazio zein inportaziorako gune gisa. Egun Tadeo Murgia kalea dagoen lekuan portu handi bat zegoen. Kai-muturra gaurko Santiago kalean, harri-lubetaz eraikia eta 4 metroko zabalerakoa. Portuak harrizko lau plataforma zituen, mailakatutako nasa bat baitzen, estuarioaren barnealdean babestua[33]. Estuarioko lohiari esker, zurezko egiturak ere mantendu dira, baita hainbat landareren hezurrak, zurezko orraziak edo sokak ere, informazio oso baliotsua ematen dutenak[34]. Arrantza portu gisa funtzionatzen zuen, baina Bizkaiko golkoko inportazio eta esportazio gune garrantzitsua zen, Akitania, Ebro harana, Afrika eta beste hainbat lekutako materialak aurkitu baitira bertan[34]. Portuak lotura egiten zuen Galiako beste batzuekin (Burdigala, Gesoriacum), baita Britaniako Lugdunumekin ere[35].

Zarauzko parrokiaren azpiko erromatar eraikinen arrastoak.

Meatzaritza gune nabarmen horretatik haratago, probintziako beste gune batzuetan zehar hedatu ziren erromatar garaiko eraikinak. Burdin Aroko Santiagomendiren gainean I. mendeko erromatar zeramikak daude, nahiz eta badirudien data horretan herri harresitua hustu zela[36]. Antzeko egoera proposatu da Goiburuko San Estebanerako, Andoainen[37]. Zarautzen barnealdean Arbiun dago, siderurgiara dedikatutako gune txikia[38] eta Elkano auzoko kanposantu zaharrean ere erromatar hondakinak daude[39]; Leintz-Gatzagako gatza ustiatzeko gunea sortu zen Eskoriatzan[40][41]; Zegamako San Pedron LA(R)IVIVS-i eskainitako hilarri bat aurkitu da[42]. Baliteke beste hainbat herritan lehen okupazioak gertatzea, Aizarnan egindako ikerketa batean ikusi den bezala: hor, Burdin Aroaren amaierako gune baten gainean jada erromatar garaiko zeramika aurkitu da. Ikerlarien hipotesiaren arabera, Aizarnakoa ez da kasu isolatu bat, landa-inguruko okupazioaren oinarrian erromatar gune txikiaren froga baizik[43].

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Administrazioaren ikuspegitik, erromatarrek provinciae deitutakoen bidez egituratzen zituzten konkistatutako lurraldeak, hasiera batean botere militarraren arabera, jeneral erromatar baten esku zegoen lurraldea izendatzeko. Denborarekin, banaketa horiek gobernadore baten esku zeuden lurraldeak izendatzeko erabili zen. Erromatarrek Hispania bi zatitan banatu zuten, Hispania Ziterior, Mediterraneotik gertu zegoena, eta Hispania Ulterior, urrunago zegoena. Gipuzkoa Hispania Ziterior edo Hispania Tarraconensis barruan sartu zen, Tarraco hiriburu[44]. Hispanian, hala ere, ezohiko gauza bat gertatu zen, eta antolaketa juridikoa aldatu zuten erromatarrek, conventus izeneko unitatea sortuz. Barduliarrak eta mendebaldeko karistiarrak Conventus Cluniensisaren barruan geratu ziren, Clunia hiriburu (Coruña del Conde, Burgos); baskoiak, eta eurekin batera Oiasso, Conventus Cesaraugustanus barruan geratu ziren, hiriburua Caesaraugustan (Zaragoza)[44].

Parte-hartze militarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Andrearriagako estela, Oiartzunen aurkitua. Zaldizko bat ageri da bertan.

Erromatar boterearen zabalpenaren beste ezaugarri bat herritarrek indar armatuetan parte-hartzea zen. Parte-hartze horrek onurak zituen soldaduentzat, lurrak eta erromatar herritartasuna lortzeko bidea zelako, behin zerbitzua amaituta[45][46]; hala ere, armadan parte-hartzea inposatutakoa ere izan liteke[47]. Kornelio Tazitok esaten du Galbak Neronen aurkako matxinadan kohorte baskoi bat errekrutatu zuela, eta batabiarren eta germaniarrek Julio Zibilisen matxinadaren aurka aritu zirela 69. urtean[48], gutxiago izanda ere, izu handia sortuz[49][50]. Baskoien parte-hartzea, edo gutxienez hasiera batean baskoiek osatutako taldeena, nabaria izan zen ondoren. Britanian aritu zen Cohors II vasconum civium romanorum, Mauretania Tingitanan Cohors II Hispanorum vasconum eta Cohors II Hispanorum vasconum civium romanorum 156 eta 157. urteetan (gutxienez), eta Britanian berirro ere Cohors II vasconum equitata zalditeria. II. mendean Nemauson zegoen Cohors II hispana vasconum civium romanorum kohortea. Hala ere, ezagutzen ditugun gehienak ez ziren Oiassokoak, Nafarroako hegoaldeko herrietakoak baizik[48]. Civium horrek esan nahi du dagoeneko erromatar herritartasuna zutela, ziurrenik Batabian egindako zerbitzuaren ondorioz[50].

Britainian zerbitzatu eta gero Mauritaniara eraman zituzten baskoi horiek, eta hortik berriro Britainiara. Bertan batu zitzaien Cohors I Fida Vardullorum milliaria kohortea, barduliarrek osatuta[50]. I. mendearen amaierako aipamen horrek esaten du barduliarrak jada guztiz txertatuta zeudela erromatarren administrazioan, eta kohorte handi bat biltzeko gai zirela[51], 500 gizonez osatua[49]. Plutarkok dioenez, Kaio Mariok hainbat bardialoi errekrutatu zituen haren zaintza pertsonalerako: bertakoak eginkizun horretan jartzea ohikoa zen Hispanian kanpainak egin zituzten buruzagi militarren artean. Pentsa daiteke elite aristokratikoak osatzen zuela bizkartzain lan hori, baina ez dago argi, beste pasarte batean esaten duelako esklaboek osatzen zutela[51].

Antzinaro berantiarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

III. mendeko krisialdia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Oiassoko portuan aurkitutako merkantziak nabarmen gutxiagotu ziren III. mendeko krisialditik aurrera.

260an frankoak eta alamanak Tarracora iritsi ziren, eta ingurua arpilatzen aritu. 262an Galietako Inperioa sortu zuen Postumok: Gipuzkoa haren mende geratu zen, eta euskal lurretan eragina izan zuen. Errekaleorreko miliarriak, adibidez, enperadore horri erreferentzia egiten zion[52]. 275ean amaitu zen egoera hori, baina 276an frankoek eta alamanek berriro ere zeharkatu zuten Rhin, eta anabasa handitu. Garai horri egozten zaizkio kobazulo batzuetan aurkitutako txanpon-altxorrak[53]. 284an Dioklezianok inperioaren antolaketa aldatu zuen, dioceses (probintzia) kopurua bikoiztu, eta Hispania Ziterior hirutan zatitu zuen: Gallaecia, Hispania Carthaginensis eta Hispania Tarraconensis. Gipuzkoa osoa Tarraconensisen geratu zen. Baina beste aldaketa garrantzitsu bat izan zen: Hispania Ulterior ere bitan zatitu zen, eta Lusitaniako eta Hispania osoko hiriburua Emerita Augusta izendatu zuten (Mérida). Era berean, Galietako hiriburua Augusta Trevirorumen (Treveris) ezarri zen. Hortik aurrera Mendebaldeko bide nagusia Merida eta Treveris artekoa izango zen[53]. Frantzia hegoaldeko Vienako diozesiarena Bordelen zegoenez, Ab Asturica Burdigalam bideak garrantzi militarra irabazi zuen[53][54].

Getariako Zarautz jauregian egindako indusketa.

III. mendeko krisialdiak eragin nabaria izan zuen Gipuzkoan, batez ere meatzaritzaren gainbeherarekin batera Oiasso lozorroan geratu zelako. Erromatar sistemak, esklabotzan oinarritua, arazoak izan zituen Ziprianotar izurriaren, lehen barbaroen inbasioen, bagauden lehen altxamenduen eta etengabeko enperadore eta enperadore-nahien iritsierarekin[55]. Eskulanaren prezioa igo zen, eta Oiassoko meak jada ez ziren hain emankorrak, ez errentagarriak ere[56]. Esportaziorako material handiegirik gabe, Oiassoko portuak garrantzia galdu zuen, eta zati batzuk erabiltzeari utzi zitzaien, baita termak ere[57], eta beste batzuetan merkataritza nabarmen apaldu zen[58]. III. mendeko krisialdian Septimio Severoren osteko enperadoreek Afrikako probintziak hobetsi zituzten, eta horrek sortu zuen Afrikatik etorritako materialen igoera. Oiasson ikus daiteke[57], baita Iruñean ere[59].

Baina Oiassoren dekadentzia ez da Gipuzkoako beste eremuetan gertatu zena. Zarautz eta Getariako eremuan garapen handiena mende krisiaren osteko mendean gertatu zen, itsasoko jarduera areagotuta, eta barnealdean ere eraikin industrialak hobetuta. Zarautzen Konstantino I.a Handiaren lau txanpon ere agertu dira, motibo militarrak dituztenak, eta frogatzen dutenak Gipuzkoako kostaldea Inperioaren dinamika politikoan txertatuta zegoela[60]. Berrantolaketa administratiboak Akitania, Galia, Britania eta Germaniako kostaldeak biziberritu zituen, eta Hispaniako probintziak IV. mendean zehar hobekuntza izan zuten[56]. Getarian Galiatik etorritako buztingintza bereziak aurkitu dira[61]. Eta izan abeltzaintzagatik, gatazketatik babesteko leku ona zirelako edo erabilera sinboliko-erlijiosoa zutelako[62], kobazuloak berriro okupatzen hasi ziren. Jentiletxeta II (Mutriku), Ermittia (Deba), Ekain IV (Deba), Amalda (Zestoa), Aitzgain, Arrikrutz eta Anton Koba (Oñati), Intxumurtegi (Tolosa) eta Iruaxpe III (Aretxabaleta) okupazio berriro horren lekuko izan ziren[56][63]. Urteagak eta Arcek proposatzen dute Demeterren gurtza izan litekeela, eta euskal mitologian kobazuloen esanahiarekin lotzen dute[64].

Kristautzearen gaineko zalantzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dakigu noiz iritsi zen kristautasuna Gipuzkoara. IV. mendean baditugu Donezteben eta Donamarian kristautzearen lehen aztarnak[65], agian Oiassotik iritsita[66]. Baina ez dugu beste zantzurik garai horretako egoeraren inguruan. Baskoien lurraldean, hegoaldean, oraindik tradizio erromatarrek iraun zuten: Historia Augustak dioenez (agian faltsua da), IV. mendean baskoiak ornitomantzian iaioak ziren[66]. Aretxabaletako Irauxpe IIIn sigillata paleokristaua aurkitu da, antza V. mendekoa. Calagurris hiri baskoian San Emeterio eta San Zeledonio IV. mendeko martiriak daude[66]. Azkoitiko Iraurgiko San Martinen aurkitu dira VIII. mendera arteko kronologia duten errekuntza errituak, ez zirenak Gipuzkoan desagertu harik eta Karlomagnok De partibus Saxoniae bidez debekatu zituen arte[67]. Nolabaiteko jarraikortasuna izan zuen kultura zaharrak Gipuzkoako hainbat lekutan, eta badirudi kristautzea geldoa izan zela. Horren beste adibide bat San Amandorena izan zen, VII. mendean Pirinioetan baskoiak kristautzen saiatu zena, baina bertan behera utzi zuena, bera karikaturizatzen zuen mimo bat agertu zelako[68].

Mendebaldeko Erromaren erorialdia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dago datu nahikorik ezagutzeko zer gertatu zen Gipuzkoan V. mendetik aurrera, nahiz eta alderdi askotan badirudien iraunkortasuna eta jarraipena zela nagusi[64]. Oiasso V. mendean abandonatu zen guztiz, eta Getaria eta Zarauzko eremuak atzeraldi nabaria izan zuen, gutxienez VII. mendera arte. 407an Konstantino III.ak altxamendua egin zuen Britanian eta laster konkistatu zituen Galia eta Hispania. Honorio enperadorearen jarraitzaileak garaitu ostean, Pirinioen babesa bere tropei eman zien, bertako biztanleak haserretu zituen mugimendua, tradizioz eginkizun hori eurena baitzen[69][70]. 409an hainbat herri germaniar Hispaniara pasa ziren, eta lurraldea banatu zuten (sueboak, bandaloak eta silingiarrak Gallaecian, alanoak Lusitanian eta Cartaginensean eta bandaloak Betican). 418an Akitaniako eremua godoen esku geratu zen, hiriburua Bordele eta Tolosa Okzitanian. Baina baskoien eta barduliarren eremua ez zuen inork ere banatu, eta oraindik Tarraconensisen parte izaten segitu zuen, Mendebaldeko Erromatar Inperio gero eta ahulago baten probintzia –hiriburua Ravena zen–[71]. Ondoren ditugun iturriek batez ere baskoiak aipatzen dituzte, eta erromatar galtzaden konfigurazioa dela eta, litekeena da Gipuzkoa gertakari horietatik at geratzea, eta Ab Asturica Burdigalam bidea izatea germaniar herrien inbasioen ardatza. 449an, adibidez Rekiario sueboen erregea Burdigalara joan zen Teodoriko I.aren alabarekin ezkontzeko. Itzultzeko bidean, baskoien lurraldea arpilatu zuen (depredatur Vasconiae), ganadua eta janaria lapurtuz[72].

456. urtean, zazpi itsasontzitan zihoazen 400 herulok Bizkaiko golkoari eta Galiziako kostaldeari eraso egin zieten[73][74]. Interesgarria da Hidaziok barduliar hitza erabili zuela, oraindik ere kontserbatzen zen etnonimo bat[75]. Hortik aurrera ez dira berriro ere agertu, eta baskoi izen orokorra erabili zen euskal lurretan bizi zirenak izendatzeko, bestelako zehaztapenik gabe. Badirudi kostaldeak oraindik bazuela aberastasuna, eta piratek arpilatzea oraindik aukera bat zela. Bizirik zegoen merkataritza horren parte, Bidasoa bokalean aurkitu dira VI. eta VII. mendeetako ardo anfora batzuk, baina testuingururik gabekoak dira, eta interpretatzen zailak. Badirudi Konstantinoplak oraindik Frankoen Erresumarekin harreman komertziala zuela, eta noizbehinka igaro ziren Gipuzkoako kostaldetik itsasontziak[76].

Beste arazo historiografiko bat bagaudak dira[77]. Tradizioz, euren independentziaren alde borrokatzen ziren euskal matxinatu gisa agertu dira[78][79][70], eta badago barduliarren eta baskoien arteko mugan identifikatu zen gudu bat, Aracaelin, Uharte Arakil gisa maiz aipatu dena[54][80]. Hala ere, identifikazio hori zalantzan jarri dute ikerlari batzuek, eta Corellatik gertu eta Gipuzkoatik oso urrun dagoen Araciel proposatu dute[81]. Uharte-Arakil balitz Aracaeli hori, orduan Ab Asturica Burdigalam zaintzen zuten rustici edo milizia lokalen altxamendu baten aurrean geundeke[70]. Bagauden inguruko aipamen bakarra Hidaziok egin zuen, berriro ere, eta ez zuen behin ere aipatu baskoirik parte hartu zuenik, ez bada bagauden biktima gisa[82]. Gainera, V. mendeko testuinguruan bagaudak ez ziren nekazarien matxinada bat, III. mendean bezala. Irakurketa baten arabera, sueboek Tarraconenseren aurka egin zuten mugimendu espantsionista baten parte ziren, eta baskoiek horren parte egin izan balute, sueboen aldeko eta erromatarren aurkako zirela esan nahi luke, beste inon aipatzen ez den gertakaria[83], eta baskoien independentzia nahiarekin lotu ezin daitekeena[84]. Baina erromatar boterearen erorialdiaren ostean belaunaldiz belaunaldi Pirinioetako bideak zaindu dituzten milizia lokalak balira, orduan bagaudak rustici horien altxamendu bat bide zen, botere militarra lortzeko testuinguruan[54]. Hala ere, inongo testuan ez da aipatzen bagauden altxamendu horrek Gipuzkoan eraginik izan ote zuen, eta Gipuzkoari buruzko isiltasuna handia egon zen hurrengo mendeetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Prieto, Javier; Obaldia Undurraga, Jon; Martínez Velasco, Antxoka. (2018). «Poblados fortificados de la Edad del Hierro en Gipuzkoa (Deba): I Campaña» Arkeoikuska: Investigación arqueológica (2018): 471–472. ISSN 0213-8921. (kontsulta data: 2025-04-01).
  2. cc-by-sa lizentziarekin argitaratua: «Bertan 20 - Burdin aroko herri harresituak Gipuzkoan. Kapitulo 4: Aztarnategiak» bertan.gipuzkoakultura.net (kontsulta data: 2025-03-28).
  3. Peñalver & San Jose 2011, 91 orr. .
  4. Peñalver & San Jose 2011, 86-87 orr. .
  5. Narbarte Hernández, Josu; Rodríguez Lejarza, Ander; Santeramo, Riccardo; Quirós Castillo, Juan Antonio; Iriarte Avilés, Eneko. (2018). «Evidencias de ocupación antigua en núcleos rurales actualmente habitados: el proyecto arqueológico de Aizarna (Gipuzkoa)» Munibe Antropologia - Arkeologia (69): 239–256. ISSN 1132-2217. (kontsulta data: 2025-04-01).
  6. Peñalver & San Jose 2001, 87 orr. .
  7. San José Santamarta, Sonia. (2003). «Altamira (Azkoitia)» Arkeoikuska: Investigación arqueológica (2003): 375–376. ISSN 0213-8921. (kontsulta data: 2025-03-31).
  8. Peñalver & San Jose 2011, 88 orr. .
  9. Franco Pérez, Francisco Javier; Alberdi Lonbide, Xabier; Etxezarraga Ortuondo, Iosu; Larreina García, David. (2022). «Los hornos de reducción de hierro en las ferrerías de monte vascas entre la segunda Edad del Hierro y la Edad Media: Caracterizando una nueva tradición tecnológica» Kobie. Paleoantropología (39): 27–38. ISSN 0214-7971. (kontsulta data: 2025-03-31).
  10. Peñalver & San Jose 2011, 92-93 orr. .
  11. Urteaga & Arce 2011, 18-20 orr. .
  12. Urteaga & Arce 2011, 29-30 orr. .
  13. a b (Ingelesez) Syme, Ronald. (1970). The Conquest of North-west Spain. Excma. diputacion Provincial (kontsulta data: 2025-04-04).
  14. a b Urteaga & Arce 2011, 31 orr. .
  15. (Gaztelaniaz) OCHARAN LARRONDO, José Antonio. (2006-02-03). «La Batalla de Andagoste (Cuartango, Alava)» www.euskonews.eus (kontsulta data: 2025-04-04).
  16. Ocharan Larrondo, José Antonio. (2017). «Combate a muerte en Andagoste (Álava): Un enfrentamiento romano-indígena hacia el año 38 a. C.» Desperta Ferro: Antigua y medieval (44): 62–64. ISSN 2171-9276. (kontsulta data: 2025-04-04).
  17. a b Torregarai 2017, 144 orr. .
  18. Pina Polo, Francisco. (2009). «Sertorio, Pompeyo y el supuesto alineamiento de los Vascones con Roma» Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, 2009, ISBN 978-84-475-3390-9, págs. 195-214 (Edicions de la Universitat de Barcelona): 195–214. ISBN 978-84-475-3390-9. (kontsulta data: 2025-04-04).
  19. Peñalver & San Jose 2011.
  20. Torregarai 2017, 135-136 orr. .
  21. Martínez Txoperena, Juan Marí; Zubiría Mujika, Rafael. (2022). (PDF) La vía romana Tarraco-Oiasso en Navarra y otros caminos mineros: propuesta de su trazado en el territorio norte de los Vascones. Aranzadi zientzia elkartea ISBN 978-84-17713-50-8. (kontsulta data: 2025-03-10).
  22. Urteaga & Arce 2011, 62-63 orr. .
  23. Urteaga & Arce 2011, 62 orr. .
  24. Urteaga & Arce 2011, 64-65 orr. .
  25. Emborujo, A., Ortiz de Urbina, E. & Santos, J.. (1992). «Reconstrucción paleogeográfica de autrigones, caristios y várdulos» Complutum (2): 449..
  26. Zaldua Etxabe, Luix Mari. (2020). Gipuzkoa antzinaroan : hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan. Euskaltzaindia, 26-46 or. ISBN 978-84-121889-6-7. PMC 1241067717. (kontsulta data: 2021-04-05).
  27. Ibáñez Etxeberria, Alex. (2003). Entre Menosca e Ipuscua: arqueología y territorio en el yacimiento de Santa María la Real de Zarautz (Gipuzkoa). ISBN 978-84-923033-4-2. (kontsulta data: 2024-03-18).
  28. Urteaga, Mertxe. «El acueducto subterráneo, cuniculus, de Arditurri y otros modelos de drenaje y evacuación de aguas en el distrito minero romano de Oiasso (Gipuzkoa)» L’eau : usages, risques et représentations.
  29. Torregarai 2017, 162-163 orr. .
  30. Urteaga & Arce 2011, 113-114 orr. .
  31. Mikel MENDIZABAL IDIAZABAL: Arditurriko mina eremuaren antolaketa proposamena: ingurumen zentro baten sorkuntza proiektua Euskomedia.org
  32. Urteaga & Arce 2011, 114 orr. .
  33. Urteaga & Arce 2011, 89-93 orr. .
  34. a b Urteaga & Arce 2011, 93 orr. .
  35. Urteaga & Arce 2011, 94-95 orr. .
  36. Ceberio Rodríguez, Manuel. (2009). «Nuevas aportaciones al estudio de la transición de la edad del hierro a época romana en Gipuzkoa: el caso de Santiagomendi (Astigarraga)» Munibe Antropologia - Arkeologia (60): 219–241. ISSN 1132-2217. (kontsulta data: 2025-04-06).
  37. Pérez Centeno, Jesús Manuel. (2008). «San Esteban de Goiburu. Primer yacimiento localizado en el Valle del Oria con niveles de la edad del hierro y època romana» Leyçaur: Andoaingo ikerketa historikoen aldizkaria = revista de estudios históricos de Andoain (10): 17–62. ISSN 1130-2488. (kontsulta data: 2025-04-06).
  38. Esteban Delgado, Milagros. (1996). «Arbiun (Zarautz): IV Campaña de excavaciones» Arkeoikuska: Investigación arqueológica (1996): 133–136. ISSN 0213-8921. (kontsulta data: 2025-04-06).
  39. Torregarai 2017, 137 orr. .
  40. (Gaztelaniaz) López Colom, María del Mar; Gereñu Urcelai, Marian; Urteaga Artigas, María Mercedes. (1997). El territorio guipuzcoano. Análisis de los elementos romanos. Eusko Ikaskuntza, 151–173 or. ISBN 978-84-89516-63-2. (kontsulta data: 2025-04-06).
  41. López Colom, María del Mar. (1996). «El Ecomuseo de Dorleta (Leintz - Gatzaga)» Boletín Arkeolan (1): 19–20. ISSN 1137-2052. (kontsulta data: 2025-04-06).
  42. Echevarría, A., & Urteaga, M. (1988). [ https://www.aranzadi.eus/fileadmin/docs/Munibe/1988165169AA.pdf La inscripción funeraria de época romana de la ermita de San Pedro (Zegama, Guipúzcoa)]. Munibe, 40, 165-169.
  43. Narbarte Hernández, Josu; Rodríguez Lejarza, Ander; Santeramo, Riccardo; Quirós Castillo, Juan Antonio; Iriarte Avilés, Eneko. (2018). «Evidencias de ocupación antigua en núcleos rurales actualmente habitados: el proyecto arqueológico de Aizarna (Gipuzkoa)» Munibe Antropologia - Arkeologia (69): 239–256. ISSN 1132-2217. (kontsulta data: 2025-04-01).
  44. a b Torregarai 2017, 150 orr. .
  45. (Ingelesez) Cartwright, Mark. «Roman Warfare» World History Encyclopedia (kontsulta data: 2025-04-07).
  46. (Ingelesez) Jasiński, Jakub. Legal status, recruitment, service, relations of soldiers in Roman army « IMPERIUM ROMANUM. (kontsulta data: 2025-04-07).
  47. San Vicente González de Aspuru, José Ignacio. (2009). «Auxiliae autrigones, várdulos y caristios en el ejército romano» Medio siglo de arqueología en el Cantábrico Oriental y su Entorno: actas del Congreso Internacional, 2009, ISBN 978-84-7821-739-7, págs. 993-1010 (Instituto Alavés de Arqueología): 993–1010. ISBN 978-84-7821-739-7. (kontsulta data: 2025-04-07).
  48. a b (Gaztelaniaz) Ramírez Sádaba, José Luis. (2015-04-29). «Vascones por las tierras del Imperio romano» Príncipe de Viana (261): 373–384. ISSN 2530-5824. (kontsulta data: 2025-04-07).
  49. a b Torregarai 2017, 153 orr. .
  50. a b c «COHORTES DE LAS TRIBUS VASCAS EN EL IMPERIO ROMANO» www.kondaira.net (kontsulta data: 2025-04-07).
  51. a b Torregarai 2017, 152 orr. .
  52. Sáenz de Buruaga Blázquez, Andoni; Loza Lengaran, Ramón; Abásolo Álvarez, José Antonio. (1983). «Columna miliaria de Errekaleor (Vitoria-Alava)» Estudios de Arqueología Alavesa (11): 427–439. ISSN 0425-3507. (kontsulta data: 2025-02-07).
  53. a b c Torregarai 2017, 173 orr. .
  54. a b c Pozo Flores, Mikel. (2016-11-08). Vasconia y los vascones de la crisis del Imperio romano a la llegada del Islam (siglos V-VIII). Evolución sociopolítica y génesis de la gens effera. (kontsulta data: 2025-04-08).
  55. Southern, Pat. (2015). The Roman Empire from Severus to Constantine. London : Routledge/Taylor & Francis Group ISBN 978-0-415-73807-1. (kontsulta data: 2025-04-07).
  56. a b c Urteaga & Arce 2011, 74 orr. .
  57. a b Urteaga & Arce 2011, 72 orr. .
  58. Urteaga & Arce 2011, 95-96 orr. .
  59. (Gaztelaniaz) Astiz, Carlos Zuza; Unzu, María García-Barberena; Wegener, Nicolás Zuazúa; Urmeneta, Mercedes Unzu. (2016). «Pompelo y el siglo III, pautas singulares de consumo cerámico a través del contexto estratigráfico hallado en el edificio nº 47 de la calle Estafeta:» Trabajos de Arqueología Navarra (28): 73–97. ISSN 2530-5816. (kontsulta data: 2025-04-07).
  60. Torregarai 2017, 175 orr. .
  61. Torregarai 2017, 176 orr. .
  62. Urteaga & Arce 2011, 75 orr. .
  63. Tobalina-Pulido, Leticia; Campo, Alain. (2022-11-03). «Natural cave usage in the Late Roman Empire. Shelter in times of instability?» Munibe Antropologia-Arkeologia  doi:10.21630/maa.2022.73.07. (kontsulta data: 2025-04-07).
  64. a b Urteaga & Arce 2011, 76 orr. .
  65. (Gaztelaniaz) Jimeno Aranguren, Roldán. (2008-01-24). «Cristianización y tradiciones cultuales en Vasconia» Bulletin du centre d’études médiévales d’Auxerre | BUCEMA (Hors-série n° 2)  doi:10.4000/cem.9742. ISSN 1623-5770. (kontsulta data: 2025-04-07).
  66. a b c Torregarai 2017, 178 orr. .
  67. Urteaga & Arce 2011, 77-78 orr. .
  68. Caro Baroja, Julio. (1971). «San Amando y los vascones» Príncipe de Viana 32 (122): 7–26. ISSN 0032-8472. (kontsulta data: 2025-04-07).
  69. Urteaga & Arce 2011, 172-173 orr. .
  70. a b c Pozo Flores, Mikel. (2019-01-08). «"Rustici" y bagaudas en Vasconia: la elección de un vocablo en Hidacio / XXX» Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 52 (1/2): 673.  doi:10.1387/asju.20223. ISSN 2444-2992. (kontsulta data: 2025-04-08).
  71. Urteaga & Arce 2011, 174 orr. .
  72. Urteaga & Arce 2011, 174-175 orr. .
  73. Ad sedes propias redeuntes, Cantabriarum et Vardaliarum loca maritima crudelissime deproedatio sunt| Hidazio. Fontes Hispaniae Antiquae. IX, 74 or..
  74. Torregarai 2017, 179 orr. .
  75. Torregarai 2017, 180 orr. .
  76. Urteaga & Arce 2011, 76-77 orr. .
  77. Larrañaga Elorza, Koldo. (1992). «Un tema controvertido: la relación entre los vascones y la así llamada Bagaudia Tarraconense» Príncipe de Viana. Anejo 14: 229–241. ISSN 1137-7054. (kontsulta data: 2025-04-08).
  78. «Krisia eta iraultza erromatar garaian» Argia (kontsulta data: 2025-04-08).
  79. Barbero de Aguilera, Abilio; Vigil Pascual, Marcelo. (1974). Sobre los orígenes sociales de la Reconquista. Ariel ISBN 978-84-344-0741-1. (kontsulta data: 2025-04-08).
  80. Abaitua Odriozola, Joseba Koldobika; Martínez Areta, Mikel; Ramos Remedios, Emiliana. (2022-12-28). «Del euskera en la Tardoantigüedad. Expansión a occidente y dialectalización» Palaeohispanica. Revista sobre lenguas y culturas de la Hispania Antigua 22: 47–84.  doi:10.36707/palaeohispanica.v22i0.437. ISSN 1578-5386. (kontsulta data: 2025-04-08).
  81. Pérex Agorreta, María Jesús. (1990). «En torno a la localización de Aracilus (Navarra)» Hispania Antiqua (14): 135–138. ISSN 2530-6464. (kontsulta data: 2025-04-08).
  82. Sanz Huesma, Francisco Javier. (2021-11-25). «Hidacio y los bagaudas» Hispania Antiqua (XLV): 442–462.  doi:10.24197/ha.XLV.2021.442-462. ISSN 2530-6464. (kontsulta data: 2025-04-08).
  83. Urteaga & Arce 2011, 176 orr. .
  84. Thompson, E. A.. (1982). Romans and barbarians : the decline of the western empire. Madison : University of Wisconsin Press ISBN 978-0-299-08700-5. (kontsulta data: 2025-04-08).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]